BERRIAK

PILAR JERICÓRE-KIN HIZKETAN

Pilar Jericó, idazle eta hizlari arrakastatsua izateaz gain, nazioarteko erreferenteetako bat da NoMiedo eta Change Mindset  direlakoetan. Be-Up aholkularitza-enpresaren buru da, eta lidergoaren, kultura-eraldaketaren eta aniztasunaren garapenean lan egiten du. Enpresa Antolakuntzan doktorea da eta espezializazio-ikasketak egin ditu Harvarden, UCLAn eta West Point-en. Lidergoari eta coaching-ari buruzko eskolak ematen ditu hainbat erakundetan.

Maiatzaren 26an egingo duen hitzaldiaren izenburua honakoa da: “Adimen emozionala: Administrazio publikoen barruan garatzeko gakoak”.

“BELDURRA BIZITZAKO BIDAIDEA DA”

Zein izan da, emozioekin lotuta, pertsona eta erakundeok pandemiatik atera dezakegun ikasgai nagusia?

Egokitzapenaren eta aldaketaren beharra inoiz baino gehiago behar dugula ikasi dugu. Emozio deserosoetatik pasa gara, baina, era berean, egiaztatu dugu pertsonak eta erakundeak gai garela egokitzeko, baldin eta erabaki azkarrak hartzen badakigu eta etorkizunera bideratzen bagara. Horretarako, beharrezkoa da aldatzeko pentsamoldea izatea (edo change mindset, ingelesez), nire hitzaldian aurkezten dudan bezala, beldurrak eta inertziak gainditzen eta zailtasunak nagusi diren garaietan, aukerak aurkitzen lagunduko diguna.

Zer ikasi dugu pasa dugun beldur horretatik?

Beldurra bizitzako gure bidaidea da. Beldurrarekin jaio egiten gara, urteak pasa ahala eraldatzen joaten da eta momentu jakin batzuetan, pandemian kasu, indar handiagoz azaleratzen da. Beldurrak daukagunari eta galdu nahi ez dugun horri begiratzen dio beti. Horregatik, hilabete zail hauen ondoren, merezi du gogoeta egitea gure balio-eskalaren inguruan, benetan galdu nahi ez dugun horretaz eta geure buruaren inguruan deskubritu dugunaz, adibidez, zer zen azalekoa edo zer ez genuen behar. Gure beldurretako gehienak ez dira inoiz gauzatzen eta, gauzatzen dira, gainditzeko mekanismoak ditugu. Baina garrantzitsua da gure egunerokotasunean duten eragina murrizteko gakoak ezagutzea.

Zein dira erronka berriak administrazioentzat eta enpresaren munduarentzat?

Digitalizazioaren abantailak aprobetxatzea, herritarrengandik edo bezeroengandik beste modu batera hurbilago egoten jakitea eta zerbitzu hobea ematea. Gero eta teknologikoagoa izango den mundu honetan, hurbiltasuna eta aldatzeko gaitasun handiagoa behar dugu. Horretarako, beste behin ere, aldaketaren pentsamoldea behar dugu, gure erosotasun-eremua zabaltzeko eta aukera berriak aurkitzeko, nola maila pertsonalean hala profesionalean.


SILVIA LEAL-EKIN HIZKETAN

Silvia Leal, teknologian eta eraldaketa digitalean aditua, Cum Laude doktorea da soziologian. Enpresa-munduan ibilbide luzea egin zuen zuzendaritza-zereginetan, eta Europako Batzordearen aholkularia izan da. IE Business School bezalako negozio-eskolekin lankidetzan aritu da, Berrikuntza eta Teknologia Programen zuzendari gisa, eta gaur egun, besteak beste, Key Opinion Leader delakoa da, teknologiari, eraldaketari eta etorkizuneko joerei buruzko eragin handiko mezuak diseinatzen eta transmititzen.


Datorren maiatzaren 26an, “Laugarren iraultza eta administrazio publikorako aukerak” izango ditu hizpide.

TEKNOLOGIA GEHIEGI DEABROTU DUGU

Zer irakatsi digu teknologiak azkenaldian?
Gauza asko irakatsi dizkigu, baina zerbait azpimarratzekotan, zera esango nuke: maizegi teknologia deabrutu egiten dugu, nahiz eta teknologia izan arazo askotatik atera gaituena. Adibide gisa, COVID-19ri aurre egiteko orduan medikamentuen garapenean izan duen eginkizuna nabarmendu daiteke, baina ez bakarrik hori. Kontuan izan noraino izan den giltzarria elkarren artean harremanetan jarraitzeko konfinamenduan, adibidez. Ezin dut imajinatu ere egin zer nolakoa zatekeen egoera teknologiarik gabe.

Zein dira laugarren iraultzaren gakoak administrazio publikoentzat?
Laugarren iraultzak aukera ematen dio Administrazio Publikoari eraginkortasun-maila batzuk irabazteko, hura gabe pentsaezinak izango zirenak. Baina, era berean, azpimarratu nahi nuke egoera berri honek aukera ematen digula erakundeetan lan egiten dutenen gizatasun guztia ere ateratzeko, zerbitzuaren kalitatea hobetzeko edota  herritarrentzako gero eta garrantzitsuagoa den eta guztion ahotan dagoen bezero-esperientzia ere.

Zer garrantzi du administrazioen iraganak gure etorkizunaren definizioan?
Nire ustez, Administrazioak digitalizazio-erritmo inbidiagarria izan du herrialde askorentzat, eta harro egon gaitezke horretaz, baina kontuz ibili behar dugu, arriskua lasaitzean datza eta. Horregatik, iraganari begiratzea eta inertzia aprobetxatzea gomendatzen dut, baina  argi izanda ezin gaitezkeela gelditu, oraindik bide luzea dugulako egiteko eta ezin dugun egun bakar bat ere galdu.

 


DONNA PACE-KIN HIZKETAN

DP & Associates, etorkizuneko balore eta joeretatik abiatuta sormena eta lidergoa lantzen dituen profesional globalen taldeko sortzailea eta CEOa da. Donna Pace alboko pentsamenduan aditua da, Creative Problem Solving (CPS) eta Foursight. Maltako Unibertsitateko Sormen Masterreko sustatzailea da, Balear Uharteetako Unibertsitateko irakasle elkartua, Kataluniako Sormen-Fundazioko enbaxadore eta aholkularia.

“Adimen kognitiboa eta pentsamendu sortzailea ingurune aldakor batean” du izenburu maiatzaren 26an egingo duen hitzaldiak.

“SORMENA KONTZIENTEKI LANDU, EDAN ETA JAN EGITEN DA”

Nola erantzun dio gure software mentalak pandemiari?

Gizakiak potentzial izugarria duen arren, pandemia horrek agerian utzi gaitu. Lehenengo eta behin, hasierako shockari aurre egin behar izan diogu, gero hutsari eta disrupzioari aurre egiteko. Urteak dira Beltzarga Beltz eta VUCA munduaz hitz egiten dugula, baina ikusi da tsunamia benetan “surfeatzen” asmatu dutenak oso gutxi izan direla.

Izan ere, gure modus operandi mentala software batekin formateatuta dago, 2.0 bertsioarekin, eta ez da aldatu 2.400 urtetan. Sistema horrek, gainera, aurrez ezarritako patroi errepikakorrei jarraitzen die, eta zehar-bidez aurrera egiteko gaitasuna zaildu egiten du. Gure egitura sozial, politiko eta hezitzaile guztiak aurreko bertsio digitalean oinarritzen dira  —bikaina, argia, baina ez nahikoa —, eta giza-sistema eragilearen “upgrade” bat egiteko premia larria dugu, adimen artifizialen pare egon ahal izateko.

Honi guztiari, gainera, gehitu behar diogu, batetik, Abraham Maslowren piramidearen alderdi oinarrizkoena (bizirautea eta segurtasuna bermatzea), eta bestetik, “hirutan-egindako-burmuina” delakoaren hardwarearen dinamika (narrastiari eta linbikoari begira bereziki). Hortxe dugu!  Ezinbestean, horrelako uneetan, Akilesen Orpoa sortzen da, aurretik han zetzana nahiz eta guk ikusi ez.

Arrisku-mehatxuaren eta ziurtasun-galeraren aurrean, geltokirik seguruenera eraman gaitzakeen tren baten errailak bilatzeari ekin genion, baina errailak desagertu egin dira. Ia guztia birplanteatu, birsortu eta berriro pentsatu beharko dugu. Horretarako, ez dago zalantzarik, itxaropen-estazioa giza softwaretik XX. mendeko bertsiora doan “upgrade” da!

Zer neurritan dago presente sormena gure erakundeetan, eta zer neurritan da hori arrakastarako gakoa?

Sormenaren egon ala ez egon alegoria bat bezalakoa da. Gure gizarteak kulturarik edo hizkuntzarik gabe planteatu ahal izango ditugu? Hori da SORMENAREN benetako neurria. Hizkuntza, kultura, bizitza da. Egunero hitz egiten ez bada, ez dago sormenik. Makillajea da, kosmetika hutsa.

Sormenaren hizkuntza berezkoa du 5.0 bertsiodun gizakiak. Ez da brainstorming bat, noizean behin ondo geratzeko. Bikaintasunaren praktika da. Zuek Euskadin beti egon zarete bikaintasunaren, kalitatearen eta, ausartzen naiz esatera, berrikuntzaren puntan. Eredu zarete askorentzat, eta, jakina, zuen enbaxadoretzat hartzen dut nire burua; izan ere, norbaitek sormen eta bikaintasunaren adibide eman badezake, zuek zarete. Begira Teknikari LHren esparruan: gai izan zarete datorren etorkizuna ikusteko eta ikasgeletara ekartzeko, Europako eta munduko miresmena merezi duen lehia-balio hori izateko.

Ados egongo zarete esatean kultura edo hizkuntza bat defendatzeak hezkuntza-oinarria behar duela, hazteko eta sustraiak hartzeko lekua behar duela. Sormenak berdin funtzionatzen du erakundeetan, eta hezkuntzak ere berdin funtzionatzen du gobernantza oneko politiketan. Kontzienteki landu, edan eta jan egiten da, txokoak sortzen dira haren inguruan! To be or not to be. Creative? Or not? Hil ala aurrera egin?

Zein izango lirateke erronka nagusiak administrazio publikoen pentsatzeko eta egiteko moduan txertatzeko?

Administrazio Publikoak duen erronkarik handiena tsunami bat kudeatzea da, eta hori ez dago pandemiarekin soilik lotuta. Dena kolokan dago. “The changing of the guard” kontzeptuaren aurrean gaude, Frantziako iraultzan edo Ameriketako gerra zibilean bezala. Munduko demokraziak eta giza-eskubideak astinaldi hauetatik sortu ziren, eta berealdiko eraldaketa ekarri zuten.

Uste dut soziokrazia berriaren aurrean gaudela, non gobernantza ona gizarte osoarentzat izango den, non pertsona guztiek kontatzen duten. Administrazio Publikoaren kalitatea bere sareak ematen du, batetik, eta sare horretan duen loturak, bestetik.  Aristotelesek zioen: “Osotasuna zatien batura baino garrantzitsuagoa da”. Nire aldetik, ziur dakit orain gurutzatzen ari garen zubiaren beste aldera iritsi ahal izateko denok batzen gaituen hizkuntza bat, sormena, goitik behera integratu beharko dugula. Sormenak mugak zeharkatzen ditu, oraindik existitzen ez diren munduak irudikatzen ditu eta baloreetan eta autolidergo holokratikoan oinarritutako oparotasuna sortzen du. Etorkizunean arrakasta izango duten gizarteak pentsatzeko modua aldatzen ari direnak dira. Welcome to the quantum human upgrade. Zure pentsamenduaren kalitateak zure pentsamenduaren kalitatea zehazten du.